Eduki publikatzailea

geologia aratz

Geologia

ARRIKRUTZEKO KOBAZULOA

Arrikrutz kobazuloa Gesaltza-Arrikrutz sistema karstikoaren barruan dago. Egitura horrek elkarri lotutako 14 kilometro galeria ditu eta 6 estai karstiko gainjarri. Aizkorriko mendigunean dago, itsas mailatik 400 bat metrora; Gipuzkoako barrunberik handiena da eta jendearentzat zabalik dagoen kobazulo bakarra.

Behe Kretazeoko kareharrietan (154 eta 96 milioi urte artean). garatu den kobazuloa da Arrikrutzekoa. Bisita 53. galerian egiten da, hain zuzen Arrikrutz kobazuloaren ekialdeko eremuan, eta galeria fosila eta Aldaola ibaiaren antzinako hustubidea da.

Arrikrutzeko aurkikuntza arkeologiko eta paleontologikoak ere garrantzitsuak dira (leize hartz baten hezurdura osoa, lehoinabar edo haitzuloetako lehoi baten hezur eta garezurren arrastoak eta hartzen aztarnategia).

Argibide gehiago: http://www.xn--oatiturismo-1db.eus/es/listings/ibilbide-geologikoa/

 

CUEVA DE ARRIKRUTZ
CUEVA DE ARRIKRUTZ
CUEVA DE ARRIKRUTZ

LEZEKO KOBAZULOA

Lezeko kobazuloa haitzulo handia da, 80 metroko garaiera duena, eta Altzania mendilerroaren mendigunea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du. Erdi eta Goi Albiarreko Egino eraketari atxikitako sakonera txikiko itsas plataformako kareharri mikritikoetan sortu da eta fosil ugari ditu.

Haitzulo hori Lezeko zuloa deritzogun haranetik dabilen uraren berezko hustubide gisa sortu zen. Kobazuloaren barrutik dabilen Artzanegi ibaia sistema karstikoa zeharkatzen joan zen eta lurrazpiko ibai bilakatu zen kobazuloaren sarreran irten arte. Endokarstaren barruan, hainbat ur jauzi ikus daitezke, sarrerako zuloaren eta irteerakoaren artean dagoen desnibel handi-handia gainditzeko.

Honako hau adibide bikaina dugu hodi karstikoek, batzuetan, kanpoko ur ibilguak (ibaiak) bideratu dezaketela ikusteko ibilgu horren tarteren batean. Lezeko kobazuloan disoluzio karstikoaren ezaugarriak (ganga formako sabaiak, kasurako) eta ibaiak eragindako higadura larria antzeman daiteke.

CUEVA DE LA LEZE

URBIAKO SAKONUNEA

 

Urbiako sakonunea Aizkorriko mendigunearen erdialdean dago, gunerik garaienean, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorraren barruan. Eremu zapala da, oinplano obalatukoa eta luzanga, ipar-mendebaldetik hego-ekialderanzko norabidean, 4 kilometrotik gorako luzera eta kilometro beteko zabalera duena, 300 metro baino gehiagoko desnibela duten erliebe zakarrez inguratua. Sakonunearen iparraldeko esparruak hondo lau eta irregularra du, eta Behe Kretazeoko kareharri tupatsu eta buztintsuen gainean datza. Errekasto mehar-mehar batek zeharkatzen du sakonunea. Errekatxo horren ura hegoaldean galtzen da, hustubide batetik eta, handik, lurrazpiko zirkulazio-sistema batera isurtzen da. Sistema hori Araiako iturburuan , Araban, irteten da kanpoaldera.

Urgondarreko uharri kareharriak hedatzen dira sakonunearen hegoaldeko eremuan, eta horien gainean, eite karstiko ikusgarriak garatzen dira. Hainbat tamainatako dolinak, arrakalak, hustubideak eta lapiazak antzeman daitezke, multzoak era bereko itxura duelarik, oso edertasun bitxiko egiturak sortuta.

Kubeta erraldoi honen sorrera, ziur aski, konplexua da, eta unitate nagusien egiturazko lerrokatzeak eta litologiak baldintzaturik dago, nahiz eta zalantzarik ez dagoen kareharrien disoluzio karstikoak eragin handia izan zuena. Disoluzio horren ondorioz, gaur egun, deskaltzifikatutako buztin geruza lodi batek estaltzen du sakonunea, eta halaxe sortzen da toki horretako zelai berdeen ohiko paisaia.

 

URBIA
urbia

ARETXABALETA ETA ESKORIATZAKO ITURBURU SUFRETSUAK

Iturburu guztiak Weald fazieari (Barremiarra) lotuta daude. Fazie horri dagokionez, ebaporitak (igeltsuak eta gatzak) ohikoak dira, baina iturburu bat ere ez da termala.

Sufrea eta oxigenoa elkartzen direnean sortzen da sulfatoa. Aretxabaleta eta Eskoriatzako arroketan (Weald faziea) igeltsuz osaturiko geruza txikiak hareharri eta kareharrien artean tartekaturik ageri da. Ezaugarri hori ez da lurrazalean ikusten, baina zorupetik igarotzen eta iturburuetatik ateratzen den urak zeharkatzen dueneko lurraren edo lurzoruaren ezaugarrien berri ematen digu; izan ere, urak ukitzen dituen materialak higatu eta/edo desegin egiten ditu eta kanpoaldera garraiatzen ditu. Arrokaren barruko gune batzuetan, pirita edo burdin sulfuroa ere agertzen da.

Edonola ere, Eskoriatzako eta Aretxabaletako arroketan, geruza txikietan ageri dira tartekaturik, igeltsuarekin batera.

MANANTIALES SULFUROSOS DE ARETXABALETA Y ESKORIATZA

EGINOKO KAREHARRIAK

 

Eginoko kareharriek kareharrizko horma handi eta bereizgarria osatzen Arabako Lautadan, Egino herriaren parean. Ilarduiako ebakian, eraketak kareharri gris zurixkez osaturiko geruza du, 600 metro zabal eta itxura masibokoa, organismo eraikitzaileak ugariak direlako bertan, kasurako, errudistak eta koralak. Fosilen edukiaren arabera, unitate horren datazioa Goi Albiarrekoa eta Erdi Cenomaniarrekoa da.

Uharri eremu horiek plataformaren deposizio sistemaren baitako esparru ez oso subsideenteetan garatu ziren, haustura sakonei edo, bestela, jatorri diapirikoko gainaldeei lotuta.

Paisaian haran txikiak sorrarazten dituzten I-H norabideko tokialdatze txikiko faila batzuen eraginpean dago eraketa.

Morfologiaren ikuspegitik, deigarriak dira hormatzarraren aurrealdearekiko paraleloa den geruzapen ia bertikalaren eredura eratu diren monolitoak. Horietako batzuk 50 metrotik gorako garaiera dute eta Eginoko eskalada eskola ezaguna osatu dute.

 

Egino

GESALTZAKO HUSTUBIDEA

Gesaltza-Arrikrutz egitura karstikoa guztiz lotuta dago eta 14 kilometroko garapena du. Gesaltzako ahoa Arantzazu ibaiaren ibilguaren hustubide handia da eta, haitzulo karstikoen sarearen bidez, ibaiak ibilbidearen zati bat egiten du. Dolina erdizirkularraren erako hustubidea da, 0,82 km2-ko azalera du eta emari handia, hainbat m3/s-koa, Arantzazu ibaia uhaldian dagoenean.

Gesaltzako hustubideak hainbat estai ditu, galeria aktibo bat eta zenbait galeria fosil dituela. Ibilguan, hareharrizko bloke handiak eta jalkin hareatsuak ikus ditzakegu, ziur asko, gaur egun galduta dauden goiko geruza tertziarioen higaduraren eraginez. Ibilguan zehar, hustubidearen barrualdean, terraza itxurako ibai metaketak ikus daitezke, eta horiei esker, kobaren hainbat ureztatze aldi berrosa ditzakegu. Sarreraren neurria (50 metroko altuera eta 18 metroko zabalera) eta barrualdearen geologia direla eta, honako hau Gipuzkoako hustubide handi eta ikusgarrienetako bat da.

Haitzuloaren barruan, babestutako espezieak aurkitu dira. Gaur egun, Arantzazu ibaia ehunka metro gorago desbideratzen du Oñatiko Urjauziak udal enpresak ustiapen hidroelektrikoa egiteko eta, horren ondorioz, hustubideak euri sasoian eta uhaldietan baino ez du eginkizunik.

SUMIDERO DE GESALTZA
SUMIDERO DE GESALTZA

ARANTZAZUKO ARROILEKO ITURBURUAK ETA GALERIAK

Arantzazuko iturburu eta hustubideak santutegiaren eta Arrikrutz kobazulo turistikoaren artean daude. Horien interes nagusia Gesaltza ibaiaren sistema hidrogeologikoan datza, eite karstikoen adibide bikainak baititu (iturburuak, leizeak, galeriak, etab.). Uraren jokamoldearen adibide bikaina da sistema karstiko batean, bai erregistro fosilean, bai gaur egun.

Arroila, oso-osorik, Aizkorri lurpeko ur masarena da, zehatzago esanda, Iritegi azpiunitatearena, eta arroilean dagoen iturburu nagusiaren izena ere bada. Azpiunitate horrek hainbat isurbidez osatuta dago, eta horiek aktibatzen dira maila freatikoa akuiferoan igo ahala.

Aizkorriko mendilerro osoan gertatzen den bezala, uraren birkarga euriaren iragazketatik dator, inoiz elurraren iragazketatik, bai eta metakin karbonatatuetan isurtzen direneko iragazkortasun txikiko arroetan sortutako jariatze uretik, hustubideetan iragazten baita. Ur hori guztia iturburuetatik ateratzen da.

Arantzazu (edo Gesaltza) ibaiak ohiko portaera karstikoa du. Ibilguan zehar agertzen eta desagertzen da, baldintza hidrologikoen arabera. Agorraldian, ibilgu ia osoa lehor dago, Iritegiko iturburuaren ekarpena jaso arte. Gune horretatik aurrera, ibaiak ur emaria dakar, baina emari hori gutxituz doa, ibilguaren errekarrietan erabat galtzeraino, Gesaltzako haitzulo-hustubide erraldoira iritsi aurretik. Uhaldietan, aldiz, ibaiak emari handia dakar, eta uhar indartsu gisa iristen da hustubide, bertan, uraren maila izugarri igotzen dela.

SURGENCIAS Y GALERÍAS DEL CAÑÓN DE ARANZAZU
SURGENCIAS Y GALERÍAS DEL CAÑÓN DE ARANZAZU

Argibide gehiago

Ruta cercana

Paisaia, flora eta fauna

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Herriak eta kultura

Ikusi gehiago