Herriak eta kultura - aizkorriaratzparkea
Eduki publikatzailea

Herriak eta kultura
Aizkorri-Aratzeko ingurune natural xarmangarrian, oso kultura ondare erakargarria dago. Kultura elementuetako batzuk erabat nahasita daude basoekin eta mendiekin, esate baterako, San Adriango tunela edo Marutegiko gaztelua. Beste batzuk, ordea, parkearen erakusgarri dira dira bertako sarrera nagusietatik, bada, historia eta arkitektura aberatsa gorderik duten herri zoragarriak.
Arantzazuko santutegia
Kondairak dioenez, Rodrigo Baltzategi izeneko artzain bati Ama Birjina agertu zitzaion arantza (elorri) baten gainean, eta hark, harrituta, hauxe galdetu zion: “Arantzan zu?”. Hurrengo mendeetan, fraide frantziskotarrek debozio eta erromesaldi leku bihurtu zuten Arantzazu, bai eta artearen eta kulturaren erakusle ere.
Arantzazuko santutegia amildegien gainean ageri da eta harkaitzetan eraiki zen, Oñatiko udalerrian, eremu malkar eta natural batean. Historian, hiru sute handi (1553an, 1622an eta 1834an) pairatu zituen santutegiak, eta beste hainbeste aldiz berreraiki behar izan zuten.
Hala eta guztiz ere, 1951n, zatikako eraberritzeak eta handitze lan etengabeei ekin beharrean, basilika berria egitea erabaki zen, bere dimentsio eta itxuragatik benetan arranditsua izan zedin eta, batez ere, lengoaia artistiko modernoaren adierazgarri. Horretarako, ideien lehiaketa deitu zen.
Eliza berria egiteko proiektuaren irabazleak Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga izan ziren, nahiz eta Jorge Oteiza eskultorearen aztarna agerikoa den multzo osoan, aurrealdean ageri diren 14 apostoluen eskulturen egilea bera baita. Burdinazko ateak Eduardo Txillidarenak dira, eta margoak Nestor Basterretxearenak eta Lucio Muñozenak.
Argibide gehiago: http://www.arantzazu.org

San Adriango tunela
San Adriango tunela barrualdetik doan Done Jakue bidean dago, eta Aizkorri-Aratzeko parke naturalaren gune politenetako bat da. Mendi harritsu bat zeharkatzen duen tunela da eta ingurune ikusgarri batean dago. Erromesek, merkatariek eta erregeek ere hainbat mendetan zeharkatu duten leku historikoa da.
70 metroko luzera baino ez du, baina izen bereko baseliza dauka barruan eta Erdi Aroko galtzada bat iristen da bertaraino. Horrek garbi adierazten digu komunikazio bide garrantzitsua izan zela iraganean.
Tuneletik gertuen dauden bi herriak Zalduondo (Araban) eta Zegama (Gipuzkoan) dira; hain zuzen ere, tunela bi lurralde horien arteko mugan dago.


Zalduondo
Arabako udalerri txiki horrek ondare historiko, artistiko eta kultural aberatsa du.
Lazarragatarren jauregi ederretik hasiko gara, XVI. mendekoa, gaur egun Zalduondoko Museo Etnografikoa hartzen duena. Han erakusten dira inguruko kultura eta historia eduki anitz baliatuz, hala nola bertako fauna eta flora edo artisautza. Era berean, Larreatarren jauretxea aipatzekoa da.
Zalduondok zenbait eliza eta baseliza ere baditu udalerriko hainbat tokitan. Espiritu Santuaren baseliza, adibidez, San Adriango kobazuloaren barruan dago, eta San Julian eta Santa Basilisa baselizak, berriz, erromatarren antzinako herrixka izan zen Aistra inguruan.
Bestetik, merezi du Erdi Aroko bi zubiak (Zubizabal eta Txaroste) bisitatzea eta inguru naturaletik ibilaldi atseginaz gozatzea.
Zalduondoko jai nagusiak inauteriak dira, pertsonaia ospetsuz beterikoak, hala nola Markitos edo porreroak.
Marutegiko gaztelua
Marutegiko gaztelua Araiako herritik hurbileko muino baten gainean dago. Mugak defendatzeko altxatu zen Erdi Aro Goiztiarrean. Murutegi (edo Marutegi) deritzon tokian dago gaztelua. Nafarroako Garcia Iñiguez erregeak eraiki zuen, VIII. mendean, Burundatik Arabako Lautadarako irteeran. Gaztelu garrantzitsuenetako bat izan zen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko borroketan, eraikinaren kokapen estrategikoagatik.
Gaztelura iristeko, Araia erdiko errepidetik zeharkatuko dugu herria eta Ajuriako fabrika hutsera iritsiko gara. Errepidetik jarraitu behar baserrietarantz, eta fabrikako azken eraikinak atzean utzi eta gutxira, autotik jaitsi eta, eskuinaldean, Danborraren edo Bagoitxoen aldapa aurkituko dugu (izen hori dauka bertatik ibiltzen zirelako bagoitxoak edo orgak legarrez beterik, aldaparen amaieran dagoen harrobitik). Aldapa hori nahiko pikoa da eta, beraz, eskuinetik abiatzen den bidetik igo gaitezke. Geroago, bide itzuli bat eginda, Bagoitxoen aldaparen goiko alderaino helduko gara. Bidetik atera gabe, harrobitik igaro eta San Migelen ertzetik joanda, Marutegiko gaztelura hurbilduko gara. Oinarritik, gazteluaren hondarrak ikusi ahalko ditugu mendiaren tontorrean.

Leintz-Gatzaga
Usadioz, gatzaren ustiapenari lotuta dagoela, Leintz-Gatzaga Gipuzkoako hego-ekialdeko landa eremuko udalerri txikia da, Arabako lurrekin muga egiten duena. Herria mendi mazela malkartsu baten gainean dago, Debagoieneko eskualdean, eta Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasatetik oso gertu dago.
Leintz-Gatzagako historia urte askotan garrantzi handia izan duten bi elementurekin lotuta dago: gatzagak eta Errege Bidea. Gatzagak ditugu hiribildu honen sorreraren arrazoi nagusia, 1331n. Gaur egun, gatza ekoizteko mende askotan erabili izan diren instalazioetan dago Gatzaren Museoa eta, bertan, gatza ateratzeko prozesua eta jarduera horrek tokiko ekonomian izan zuen garrantzia erakusten da.
Bestalde, hirigunea malda piko batean dago, Errege Bideak zeharkatzen zuena, hots, antzina Gaztela eta itsasoa lotzen zituen igarobide garrantzitsua. Errege-erreginak eta pertsona ospetsuak igaro ziren bide horretatik, eta horrek oparotasun handia eman zion hiribilduari.
Hirigunea, monumentuz betea
Eraikin eta jauregi ederrez jositako hirigunearen edertasunak bisitariaren arreta piztuko du. Harresiz inguratuta dagoen hiriaren trazadurak obalo itxura du, hiru kale paralelo eta zeharkako ardatz bat dituelarik. Gaur egun, hiribildura sartzeko zazpi ateetatik bostek zutik diraute. Hiribilduaren barruan, biziki gozagarria da bertako kaleetatik ibiltzea eta monumentuei begiratzea. Horien artean, As de Copas edo Kopen batekoa izeneko iturria aipatu behar da, hamabi kaniladuna; Garro, Soran eta Elexalde jauregiak; udaletxea bera, XVIII. mendekoa; eta San Millan eliza.
- Argibide gehiago: http://www.leintzgatzaga.eus/
Oñati
Oñati Gipuzkoako hiribildu monumentalena da eta Euskadiko herri ederrenetako bat. Debagoieneko eskualdean dago, Aloña mendiaren azpian, eta udalerria inguratzen duten malda pikoek hirigune historiko aparta ezkutatzen dute, balio arkitektoniko handiko eraikin, jauregi eta eliza nabarmenez josia.
Oñatiko sarrera nagusietako batean dagoen Sancti Spiritus unibertsitatea euskal pizkundeko arkitektura zibilari atxikitako harribitxitzat jotzen da. XVI. mendean eraiki zen, Rodrigo Mercado Zuazola gotzainaren eskariz, eta aurrealde dotorea eta jasoa dauka. Barruan, klaustroa eta Pierres Picart eskultore frantziarrak landutako kaperako erretaula platereskoa aipatzekoak dira.
Bisitariarentzako beste eraikin erakargarri batzuk ondokoak dira: San Migel parrokiako eliza, gotikoa, barrokoa eta neoklasikoa nahasita dituela; Bidaurretako monasterio handi-handia, XVI. mendean zizelkatutako fatxada gotikoa duena; Foruen Plaza bikaina, udaletxea buru; eta Santa Marina plaza, Antia, Madinabeitia eta Baruekua jauregi ederrez inguratua.
Argibide gehiago: http://www.xn--oatiturismo-1db.eus/es/


Zerain
Baserri giro tradizionalaren xarma gordetzen jakin duen herri txikia da Zerain. Goierri eskualdean, Aizkorri mendigunearen inguruetan, herri abegitsu hori beti egon da nekazaritzari lotuta, bai eta burdinaren, ikatzaren, egurraren... eta beste baliabide natural batzuen ustiapenari lotuta ere. Hain zuzen ere, herriaren erakargarritasun nagusietako bat Zeraingo Parke Kulturala da. baliabide horrek modu atsegin eta dibertigarrian erakusten dio bisitariari bertako bizimodu tradizionala.
Parke naturalean, ondokoak ezagut ditzakegu: Aizpeako meategiak, burdina lortzeko langintzaz jakiteko; XVIII. mende hasierako kartzela zaharra; Larraondoko zerrategi hidraulikoa; eta museo etnografikoa, non inguruko baserrietan hartutako tresnak, altzariak, lanabesak, dokumentuak eta beste osagarri zahar batzuk ikusgai dauden.
Hirigune historikoa
Hiriguneko eraikin ospetsuenak ikusteko antola dezakegu ibilbidea. Jauregi jauregia, esaterako, plazaren goialdean dago, eta nobleen etxebizitza izan zen urte askotan. Harlanduzko hormak dauzka, arku gotiko ederra eta herriko armarririk zaharrena. Bestalde, Jasokundeko Andre Mariaren eliza ere nabarmentzekoa da. Erretaula barroko batzuk, kristo erromaniko bat eta bataiarri gotiko bat gorde dira barruan. Erdigunetik 200 bat metrora dagoen San Blas baseliza atseden hartzeko eta naturaz gozatzeko leku egokia da. Gainera, otsailaren 3an, San Blas egunean, elikagaien tradiziozko bedeinkapena egiten da.
- Argibide gehiago: https://www.zerain.eus/
Argibide gehiago
.jpg/3ebc453b-eccb-2995-2485-964b89ca34f1)
Paisaia, flora eta fauna
Ikusi gehiago.jpg/0fdee6e9-1acb-b9c8-26a6-b87f1838804e)