Bolborategia - aizkorriaratzparkea
Bolborategia: lehen kolpea gabiaren aurretik

Bolborategia: lehen kolpea gabiaren aurretik
Harrobi bateko jardueran, harria erauztea harginen lana baino askoz lehenago hasten zen. Haitz bloke handiak bereizi aurretik, ustiapen frontea zulatu eta leherketa kontrolatuak egin behar ziren; eragiketa horrek lehergailuak leku seguru batean eta lan eremuetatik urrun biltegiratzea eskatzen zuen.
Bolborategia izenez ezagutzen den eraikin txiki honek eginkizun horixe betetzen zuen. Segurtasun neurri zorrotzengatik zegoen bakartuta, Arrazpiko harrobiko leherketetan erabilitako bolbora biltegiratzeak sortutako arriskuak murriztuz.
Eraikin apala, baina ezinbestekoa
Harlandu sendoz eraikia eta bi isurkiko teilatu batez estalia, bolborategia kontserbazio egoera onean iritsi da gure egunotara. Harrizko horma lodiek –metro erdi baino lodiagoak dira–, lehergaia eguraldi txarretik babesten zuten eta edozein istripuren ondorioak gutxitzen laguntzen zuten.
Eraikinaren ondoan estalpe bat altxatzen zen, lantegi txiki gisa erabiltzen zena; bertan lanabesak prestatzen ziren eta harria ateratzeari lotutako lan osagarriak egiten ziren. Gaur egun egitura horren aztarna batzuk baino kontserbatzen ez badira ere, bi guneak harrobiko eguneroko lanari lotutako multzo beraren parte ziren.
Lehergailutik landutako harrira
Leherketen ondoren, hogei tona baino gehiago izan zitzaketen haitz bloke handiak eskuz lantzen ziren guztiz. Mazoen, zirien eta piken bidez, harginek zatitu eta arbastatu egiten zituzten behin betiko forma eman aurretik.
Leku honetatik oso gertu, oraindik zutik dirauten pago baten eta haritz baten itzalpean, hainbat langilek Ajuriako lantegiko labe garaiak estaltzeko piezak tailatzen zituzten. Metalezko txantiloiak eta ikatz-marrazkia erabiliz, bloke bakoitzari zehaztasun handiz ematen zioten forma, ezinbesteko lana labeen funtzionamendu egokia bermatzeko eta galdatzean gas isuriak saihesteko.
Berreskuratutako ondarea
Eraiki zenetik mende bat baino gehiago igaro denean, bolborategiak Arrazpiko erauzketa jardueraren lekukotasunetatik hoberen kontserbatuetako bat izaten jarraitzen du. 2021ean, eraikina eta antzinako tailerraren eremua auzolan bidez zaharberritu ziren, ondare multzo berezi honi egonkortasuna itzuliz.
Gaur egun, eraikin txiki horrek gogoratzen digu Araiako industria garapena labe eta lantegi handien mende ez ezik, haren moduko azpiegitura apalen mende ere egon zela, bertan hasten baitzen ibarreko siderurgiaren historia ahalbidetu zuen harria erauzteko prozesu konplexua.
