Parke Naturala - aizkorriaratzparkea
Parque Natural Aratz eu
Aizkorri-Aratzeko parke naturala
Naturagune horren barruan, mendilerro luze bat ageri da, ekialde-mendebalde noranzkoan. Mendilerro horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik garaienetako bat dago (Aitzuri, 1.550 m), eta isurialde kantauriarraren eta mediterraneoaren arteko muga da; gainera, Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoak banatzen ditu.
Kareharri urgondarrek osatzen dute substratuaren gehiena, eta erroka horien higadurak egitura karstiko ikusgarriak sortzen ditu: gailurrak, dolinak, torkak, lapiazak, sakanak eta abar. Horien artean, leku ospetsuak dira, hala nola Lezeko zuloa, San Adriango tunela, Urbiako sakonunea, Arantzazuko erroitza... Elgea-Urkilan, berriz, substratua aldatu egiten da eta hareharriak nahiz buztinak agertzen dira azalean eta, hortaz, paisaiak mazela biribilduak ditu eta erliebea konkortsua da.
Parke Naturalean, baso autoktono bikain eta zabalek iraun dute gaurdaino: pagadiak, haritz kandugabez (Quercus petraea) osaturiko hariztiak... Mendietako eremu garaienetan, zuhaitzak bakanagoak dira eta, horien hordez, belardi menditarrak eta txilardi-otadiak agertzen dira maiz, mendi horietan ohikoa den ardi latxaren etengabeko larratzearen zioz sortutakoak.
Iparraldeko isurialdeko landazabaletan, euskal baserriari lotutako mosaiko erako paisaia ohikoa ikus daiteke. Bertan, zelaiak, baratzeak eta fruta arbolak ageri dira nagusiki eta, horien artean, intsinis pinuek osaturiko unada txikiak ikus daitezke. Mendi-mazela batzuetan, koniferoen sailak azalera handietan hedatzen dira.
Kareharrizko geruzetan, oso flora berezia hazten da, Kantauriko eta Pirinioetako mendi garaietako endemismoz josia. Interes botaniko handiko beste habitat batzuk substratu silizeoei atxikitako zohikaztegi hasiberriak ditugu, kasurako, Arbarraingoa (Altzania).
Informazio teknikoa:
Azalera
15.919 ha.
Aitorpen urtea
2006
Babes tresnak
Parke naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Gehieneko garaiera
1.550 m.